Apirilian ikastaro berri bat gidatuko dot Iñaki Mezquitakin batera. Ikastarua Udako Euskal Unibertsitateak antolatu du eta beraiek in diguten elkarrizketa erakutsi nahi dizuet gaur. Besterik gabe, jarraian daukazue elakrrizketa.
Ander Izagirre: “Ikusten ez
ditugun izaki bizidun mordoaz inguratuta gaude”
ueu365 | 2021-03-05
UEUren udaberriko eskaintzaren barruan “Bizidun bila
I. Non daude eta nola ikus ditzakegu? Odonatu, tximeleta, anfibio eta
narrastiak” izeneko ikastaroa ere izango da. Aranzadi Zientzia Elkarteko
Iñaki Mezquita Aranburu eta Ander Izagirre Egaña izango dira gidari lana egingo
dutenak. Izagirrek dioen legez, “mendira irten aurretik beharrezkoa da oinarri
teoriko minimo bat izatea” eta, beraz, ikastaro teoriko-praktikoa izango da.
Ezagutzen al dugu
nahikoa gure ingurua?
Iñaki Mezquita: Erantzuna erraza da: ez. Naturan zentzumenak erne
dituzula murgilduz gero ia egunero dago zerbait harritzen zaituena, berria
dena, liluragarria. Gainera, ingurua aldakorra da; batzuetan gizakion eraginez,
beste batzuetan gertakizun naturalen ondorioz (uholdeak, luiziak, espezie
berrien sarrera, klima-aldaketa…), eta zaila da ezagutza sakon bat izatea epe
luzera begira.
Ander Izagirre: Orokorrean ezetz
esango nuke nik ere. Tontorrak edota tontorretara doazen bideak agian bai,
baina bidetik harago dagoena edo bidea inguratzen duen bizitzari buruz,
gehiengoak gauza gutxi dakiela esango nuke. Nire arloari dagokionez adibidez,
mendira igotzean edota bidegorri batean paseatzean, ez gara ondo ondotik pasa
dugun suge edo musker batez jabetu ere egiten. Ikusten ez ditugun izaki bizidun
mordoaz inguratuta gaude.
Eta ezagutzen ez
duguna ez dugu zaintzen?
I. M: Jakina. Ezagutu gabe ezin da maite, eta maite ez duzuna ezin duzu
zaindu. Hirukote hori funtsezkoa da. Gauzak ondo ez doazenean, inguruaren
zaintzaz ari naiz, hirukote hori hirukotea ez delako izaten da. Borondate ona,
gogoa, ez dira nahikoa neurri zuzentzaileak eta babes eraginkor bat ezartzeko
garaian.
A. I: Hala da bai.
Anfibioak esaterako, talde oso zaurgarriak dira eta mundu mailan talderik
mehatxatuenetarikoak dira. Gurean ere baditugu babes berezia behar duten
espezieak; eta, espezie bat babesteko orduan, gizarteak guk uste duguna baino
pisu handiagoa dauka. Eta esan beharrik ez dago, ezagutzen ez dugun zerbaiti ez
diogula jaramonik egingo. Dibulgazioak beraz, garrantzia handia dauka.
Odonatu, tximeleta,
anfibio eta narrastien bila ibiliko zarete ikastaroan. Zergatik horiek? Zer
dute berezi?
I.M: Nire kasuan, bizitza osoan erakarri nauten animaliak izan direlako.
Telebistako lehoi, elefante eta tigreetatik intsektu horiek behatzera pasa
nintzelako, argazkiak egin nahi nizkielako. Zer duten berezi? Ni, bere
edertasunez aparte, bere bizimoduak eta bizi-ziklo harrigarriak txunditzen
naute.
A.I: Nire kasuan,
anfibioak eta narrastiak dira interes handiena pizten didaten izaki bizidunak
eta talde horietan espezializatu naizela esan daiteke. Bestalde, animalia
ezezagunak dira. Ugaztun, hegazti edota beste animalia talde batzuk entzunagoak
dira, eta gertukoagoak eta maitekorragoak ere egiten zaizkigu. Anfibioekin eta narrastiekin
aldiz, guztiz kontrakoa gertatzen zaigu, belaunaldiz belaunaldi transmititu
zaizkigun mito eta kondaira faltsuen ondorioz batez ere. Apoak gorroto ditugu
eta sugeei beldurra diegu. Baina benetan merezi al dute gorroto, mespretxu eta
beldur hori? Guk argi dugu ezetz. Animalia hauen errealitatea gizarteak uste
duenaren oso bestelakoa da. Era berean, arrazoi berdinagatik, talde hauetan
erreparatzen duen jende gutxi dago, eta horrenbestez beste talde batzuekin
alderatuz informazio gutxiago dago. Euskal Herriko espezieen presentzia-mapak
begiratuta adibidez, anfibio eta narrastietan hutsune batzuk daudela ikusten
da. Ezezagunak diren beste adibide garbi bat da.
Zer dira odonatuak?
I.M: Bi erantzun daude, niretzat. Bata: intsektu holometaboloak dira, Odonata
ordenakoak. Eta bestea, animalia ikusgarri batzuk, hegalari apartak, kolorez
jantzitako ehiztari zoragarri batzuk.
Irteerez gain, azalpen
teorikoak ere izango dira. Zer da landuko duzuena?
I.M: Azalpen teorikoak izango dira, bai. Nahiz eta, seguruenik,
bertaratutakoek animalia horien inguruan makina bat gauza jakingo dituzten.
Nire ekarpen nagusiena landa-lanean dudan esperientzia eskaintzea izan daiteke.
Batez ere, irudiak eta portaerak erregistratzeko garaian. Hori transmititzen
saiatuko naiz. Bestalde, identifikazio garaian ere hainbat aholku eta
jarraibide ematen ere saiatuko naiz.
A.I: Bai, mendira irten
aurretik beharrezkoa da oinarri teoriko minimo bat izatea. Hasteko, aldez
aurretik jakin behar dugu zer bilatu nahi dugun, nola bilatu behar den eta noiz
bilatzea komeni den. Bestalde, babestuta dauden espezieak direla kontuan izan
behar dugu, eta animalia hauen behaketa modu etiko batean egiteko argibideak
argi izan behar ditugu. Kontserbazioa beste edozeren gainetik dago. Espezieak
nola identifikatu ere ikasi behar dute eta modu orokor batean, animalia hauek
erretratatzeko aipu batzuk ere emango ditugu.
Nork parte hartu
lezake?
I.M: Jakin-mina duen edonork. Nik txikitatik sentitu dut jakin-min hori
eta ondo baino hobeto dakit zer espero den begiak zabaldu eta norbaiten
esperientzia jasotzera zoazenean. Ni ez naiz zientzialaria, ni argazkilari
naturazale bat naiz, batzuetan zientzian sartzen dena, baina ia nahi gabe.
Zein da azken
helburua?
I.M: Behatzaile-trebeziak hobetzerako bideak erraztea, bide horretan
laguntza eskaintzea.
A.I: Helburu asko dituen
ikastaro bat dela esango nuke. Narrasti eta anfibioak gehiago ezagutzeko balio
dezake, baina, batez ere, non, noiz eta nola bilatu behar diren. Ez dira erraz
ikusten diren animaliak, baina beraien ohiturak ezagututa, erraztasun
gehiagorekin aurkituko ditugu. Hori bai, lehen esan bezala, ezagutza hori
kontserbaziora bideratutakoa izan behar da. Ezagutu, babesteko.
Elkarrizketaren iturria: unibertsitatea.net
Beste bat arte,