2014/06/20

'Burbunak eta etsayak': Urumeako natura eta ahozko ondareari tiraka

Natura eta euskeria batzen ditxuan egitasmo interesgarri baten berri eman nahi dizuet gaur. Besterik gabe, proiektuko arduradunek pasautako informaziua erakusten dizuet zuzenian.

Argazkia: Facebook Burbunak eta Etsayak
Dobera Euskara Elkartea eta Aranzadi Zientzia Elkartea ikerketa lana egiten ari dira Urumeako biztanleek naturarekin izan duten harremana ikertzeko, eta horrek ahozko hizkuntzan izan duen emaitza biltzeko.

Burbunak eta etsayak izena jarri diote egitasmoari, eta Hernani eta Urumeako 25 etxetan baino gehiagotan elkarrizketak egin dira, 150 animali izen baino gehiago eta beste hainbeste landare izen biltzen ari dira eta izen asko inoiz hiztegian azaldu gabeak dira edo galtzeko arriskuan zeudenak...

Bideo-dokumental bat eta liburu bat argitaratu nahi dituzte bildutako informazioarekin. Horrez gain, facebookeko orrialde bat ere jarri dute martxan, herritarrek parte hartu ahal izateko, eta egitasmoaren momentuko informazioa izan dezaten. Facebooken, burbunak eta etsayak sartuta. Bi urte inguruko lana izango da, gutxigorabehera.


Bizimodua aldatzen, ezaguera aldatzen 

Gizartea pixkanaka kaletartzen ari den bitartean, naturarekin izan duen lotura gero eta txikiagoa da, eta jakintza haundia galtzen ari da horrekin. Hala ere, oraindik badira sekulako ezaguera duten herritarrak, beren jakintza ezagutarazteko prest daudenak. Ez dago urte asko atzera egin beharrik, Urumeako biztanleek naturarekin izan duten harremana zenbatekoa izan den ikusteko. Animalia espezie ikaragarri identifikatu dituzte, eta bakoitzari bere izena eman, gainera: ugaztunak, arraiak, artropodoak, hegaztiak, narrastiak eta anfibioak... Landare eta perretxikuekin gauza bera, bai sendabelar, bai graminea... Dobera Euskara Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarlanean bildu nahi izan dute jakintza hori.

Espezie arruntak eta galtzeko arriskuan dauden izenak 

Kuriositatez beteta dago Urumeako natur hiztegia. Animalia batzuk babestuta daude, gaur egun ia desagertu egin direlako lurralde honetan. Kasu hori da Cerambyx cerdoarena, adibidez. Hariztietan bizi den zomorro haundi horri bi etxetan bakarrik eman diote izena, eta besteetan ez dute ezagutu. Burbuna esan diote Ereñotzun eta Etsaya Jauregin. Espeziea bera hain berezia izaki, eta izenak ere galtzeko zorian daudela ikusita, egitasmoari izen horixe eman diote Doberak eta Aranzadik. Antzeko kasua da, Galemys pyrenaicus-arena. Ur-arratoya deitu diote ia galduan dagoen espezieari.

Beste muturreko kasuak ere badira. Animalia arruntak izanagatik, galtzeko arriskuan diren izenak badira. Adibidez, Caelifera zomorroari saltoperikua esan izan zaio Urumean, eta gaur egun matxinsaltoa esaten diote belaunaldi gazteenek. Anguis fragilis ere Urumea bailara ia denean (ez Jauregi aldean) ziraba izan da, orain zirauna esaten bazaio ere. Animalia horiek arruntak dira, izenak daude arriskuan.

Arrobiyuaren kondaira, eta beste hainbat 

Hiztegiaz gain, hainbat kondaira eta mito ere ezagutzen dituzte Urumeako biztanleek. Basoan lanean ari ziren mutilek babak prestatzeko ura hartu omen zuten errekatik, eta konturatu gabe arrobiyua (Salamandra salamandra) barrura sartu. Babak prest zirenean, tapa altxa eta arrobiyua hilda azaldu omen zen barruan.
Batzuk ez omen zuten babarik jan, eta beste batzuk bai; jan zuten guztiak hil omen ziren. Kondaira hori etxe bat baino gehiagotan kontatu dute, eta beste hainbat ere bai: txepetxa eta txantxangorriarena, muskarra...

Informazioa zabaldu: DVDa, liburua eta facebooka 

Aranzadi eta Doberaren asmoa da informazio hori guztia bildu eta ondoren zabaltzea. Horretarako, dokumental bat prestatzen ari dira TrukHD enpresako profesionalen eskutik.

Horrez gain, liburu bat ere argitaratuko dute, animali eta landareen argazki, izen, eta azalpen nagusiekin.

Facebooken orria irekia dago, proiektuari buruzko informazioarekin, eta herritarrei parte hartzeko modua jarriko zaie, tarteka erronkaren bat edo beste eginaz. Egitasmo honek Ereñotzuko Auzo Udalaren eta Hernaniko Udalaren laguntza dauka.